XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gogoratzen naiz neuk ere ez nituela gauzak garbiegi ikusten, eta publizitatearen munduan dabilen letretako adiskide bati azaldu nion kontua.

Begien bistako gauza bat ikusarazi zidan: izen komertzialei bost axola zaie filologikoki korrektoak izatea, eta baliabide poetikoen arabera eratzen dira izenok.

Azken erosi dudan hortzetako pastak, esaterako, dentsiblen du izena, hots, dent, hortz kontuagatik, sible, propagandak dioenez hortz sensible-entzat delako oso egokia, eta -n bukaera, farmazia produktuen mundua iradokitzen duena.

Orobat bollycao, lavicera lava y encera zioen propagandak eta ia gehienak. Orobat Emakunde, emakume eta erakunde hots-irudiak batzen dituena. Filologikoki ongi eratuak badira bidenabar da, ez hori berariaz bilatzen zelako.

Eta trenen munduan, hor dugu Bartzelona eta Valentzia lotzen dituen Euromed lastertasun handiko trenaren izena, Europaren eta Mediterraneoaren lotura iradokitzeko zeregina besterik ez duena, eta argi erakusten duena korrektotasun guztiak baino garrantzitsuago dela, adibidez, izena hiru silabakoa izatea.

Antzekoa da Euskotren, eusko eta tren adigaiak irudiak, hobeki esan lotzen dituena.

Eta Euskotren, ez euskotrena, gure filologo ustekoen iritzia gorabehera 21 Edo filologoarenak egiten dituzten kazetariena. Amatiño adiskidea, gogor sartu zen euskotren horrekin bukaeran -a falta zitzaiola eta, bestela aski interesgarria zen La convivencia entre euskera y castellano (El Diario Vasco, 1996-10-28) izeneko artikulu batean. Tamalez, artikuluaren zati horretan, zertaz ari den dakienak bakarrik erabil dezakeen gogorkeria batez jardun zen, izen komertzial hauek izen propioak izan behar dutelako.

Ziur aski, Osakidetza, Emakunde eta Euskotren bezalako produktuak ez lukete merkataritza izena izan behar, baina hori beste kontu bat da.